Fatxada nagusiak zura eta adreilua aldizkatzen ditu. Bi dorre ikusgarrik harrizko aurrealdea hartzen dute, erretaula gisa. Erdi-puntuko arkua du sarreran, pilastra klasikoen artean, eta horma-hobia dago, sarreraren gainaldean,
San Migel santuaren eskultura errenazentista hartzen duena.
Hiru nabek (burualde pentagonala eta gurutzadura) osatzen dute
elizaren egitura. Korua goian dago, erdiko nabearen gainean. Ertz-gangek nabeetako atalak estaltzen dituzte. Aipagarria da dekorazio oparo eta aberatsa, urrezkoa nagusi duena: hostotza oparoko modiloiak, kerubinen burutxoak, garaipen-arkuaren ahokaduran batzen direnak, aingeru batzuk,
Corellako armarriari eusten diotenak modu eszenografikoan. Kupularen uztaiaren gainetik, eta goiko baoen argiak argiztatuta, San Migel eta beste aingeru batzuk daude, deabruen aurka borrokatzen. Bataila galduta, deabruak presbiteriorantz erortzen ari direla ematen du. Horrela, tenpluaren barneko espazioak bateratzen dira, antzerti-moduan. Oso irtenbide
barrokoa.
Parrokiaren
barruan, erretaula multzo bat dago, XVIII. mendekoak gehienak. Mende horretakoa da erretaula nagusia, ikusgarria benetan. Garai horietarako, oso lan abangoardista izan zen, Espainiako artista handiak (Churriguera kasu) Madrilen ezartzen ari ziren berrikuntzak baitzituen. Erritmoz eta mugimenduz beteriko eskultura da, eta bere dekorazio fin eta oparoa du ezaugarri nagusi: oholak, landare-modiloiak, trofeoak, lore-girlandak eta kerubinen burutxoak. Horrez gain, koloma erraldoiak, aingeruak eta santu zein santen irudiak hartzen dituzten horma-hobiak -
Santa Monika da multzoaren tailu onena - daude, multzoari sekulako edertasuna ematen diotenak. Hartara,
Nafarroako erretaula barroko nagusietako bat da.
Beste elementu batzuek ere nabarmentzen dute tenpluaren fisonomia barrokoa: pulpituak, koruko aulkiteria eta organoa, eta urregintzako pieza baliotsuak. XVIII. mendekoak dira horiek guztiak. Lan antzinakoenen artean, dena den,
XV. mendeko Gurutziltzatu gotikoa da aipatzekoa, edota Sortzez Garbiaren tailua, tamaina txikikoa baina kalitate handikoa. Laburbilduz, estilo barroko puruenak zu bil zaitzan nahi baduzu, horixe da tokia.