Jurramendiren berokian eraikia, Aiegin, Lizarratik doi bi kilometrora, eta mahastiz inguraturik, bisitariak eraikuntza-multzo izugarri handia ikusiko du Iratxera iristean. Eraikin horietako
batzuk Erdi Arokoak dira; beste batzuk Errenazimendukoak eta badira Barroko garaikoak ere bai. Nafarroako lehenbiziko ospitalea izan zen erromesentzat -Orreagako ospitalea ez baitzen eraiki mende bete pasa arte- eta errege Gartzia Naiarakoak eraikiarazi zuen XI. mendean. Iratxek goia jo zuen
San Beremundo abade izan zen garaian (1056-1098). Abadea oso eskuzabala izan zen beharrean bizi zen jendearekin eta janaria abitu azpian ezkutaturik eramaten zien. Bere kongregazio kideek kargu hartzen ziotenean, abitua goratu eta arrosak edo zurezko ezpalak agertzen ziren -eskaleak berotzeko- ogia azaldu beharrean.
Monasterioa Andre Maria Erreginari eskainia dago eta beti bizi izan da jendea 1985era arte. Horregatik, oso ongi kontserbatu da. Baina, bokazioak gutxi zirela ikusita, monjeek urte horretan alde egin zuten eta, orduz geroztik, ez da inor bizi. Karmelo atezainak zaintzen du monasterioa duela 35 urtetik hona, eta multzo osoaren historia jakiteko aukera emanen dizu. Unibertsitate baten egoitza izan zen 1569tik 1824era arte.
Monasterioan sartzea doakoa da eta, multzo osoa ikusita, harritzeko modukoa da XII. mendean
eliza prerromaniko baten gainean eraikitzen hasitako tenplu erromanikoa. Gurutze latinoko oina du eta hiru absideak erdi-zirkularrak dira, hasierako eraikuntzaren lekukoak. Erdikoa nabarmentzen da hiruren artean, oso ongi kontserbatuta dagoen erlaitzari esker, animaliaz apaindutako erlaitzari esker.
Tenpluan sartzeko, badira
bi atari erromaniko, San Pedrokoa eta ate nagusia, biak gai historikoekin apainduak; baina merezi du merezi duenez Preciosa atearen aurrean gelditzea. Ate horrek elizarekin lotzen du klaustro platereskoa, eta hantxe daude Salbatore eta Andre Mariaren irudiak. Baina badira arretaz bisitatu beharreko beste gauza batzuk: fraide-sakristia (XVI), kapitulu-gela nerbiodun gangarekin, eta XVII. mendeko eraikin handia -estiloaren aldetik, herrerianoa-, Iratxeko Unibertsitatearen egoitza izan zena.
Mendez mende,
Iratxeko Andre Mariaren irudia gorde zuen (XII. mendekoa), zalantzarik gabe
Ama Birjinari buruzko irudigintza erromanikoaren adibiderik ederrenetakoa Nafarroan. Zurezkoa da, metro bat du altueran eta zilarrezko txapa batez estalia dago, aurpegia eta eskuak izan ezik. Baina, irudi hori ikusteko, Deikazteluraino joan beharko duzu, Aiegitik 10 kilometro hegoaldera. Duela ehun urte eraman zuten hara.
Monasterioaren ondoan, iturri bitxia dago:
zorrotada batetik ura dario eta bestetik, berriz, ardoa. Horrela, erromesak egarria aserik eta pozik joanen dira bidean aurrera.
Bodegas Irache da iturri horretako jabea. Upeltegiak monasterioaren ondoan daude eta badago haiek ikusteko aukera bisita gidatuaren bidez.