Artziko Andre Mariaren eliza erromaniko ederra Artzibarren dago, Nafarroako ipar-ekialdean, nafar Pirinioaurrean. Urrobi errekak hondeatutako eta Labia mendia buru duen paisaiaz inguraturik dago. Leku horretara iristeko, hartu
Agoitzen Orreagarantz doan NA-172 errepidea. Zanduetara iritsi bano lehentxeago, gurutzatu oinez Urrobi errekaren gaineko zubi txikia eta han, zelai baten erdian kokaturik, Artziko Andre Mariaren eliza aurkituko duzu;
XII. mendearen bukaerako eliza bikaina da, landa erromanikoari jarraiki egina.
Kanpoaldean silarri orekatua ikusiko duzu eta alboetako hormak horma-bularrez sendoturik daude. Irtenune edo mentsula ilara baten bidez dago apaindua eta irtenune horietan gizonak ageri dira hainbat zereginetan: batek arpa jotzen du, beste batek kupel bat darama, hirugarren bat ahoa zabalik dago… Leihoak absidean irekitzen dira eta horietako hiruk erdi-puntuko arku bat osatzen dute. Zutabeek oinarri zirkularreko enbor zilindrikoa dute: kapitel leuna landare motiboekin apaindua dago; kapitel korintiarra, aldiz, era errustikoan.
Ataria epistolaren aldean dago. Ziri moldadura duen teilatu txiki batek babestua dago. Teilatua bermatua dago animalien buruekin apainduta dauden irtenune txikietan. Baina irtenuneak eta buruak oso hondatuta daude. Erdi-puntuko arkua du, hiru arkibolta eta landare kiribildurekin apainduta dagoen kanpo arku bat. Erdiko arkibolta leuna den bitartean, barnekoa bolekin apaindua dago eta, kanpoaldekoa, berriz, burutxoekin eta pinaburuekin. Arku horiek euskarrituak daude kapital apainduak dituzten zutabeetan. Zehazki, kanpoaldeko bi kapitelak landare formekin eta barnealdeko biak, berriz, irudiekin. Kapitel horiek ez daude ongi kontserbatuta, baina iduri du Kristoren zeruratzea ageri dela.
Estiloari dagokionez, Artziko eskultura multzoa
lotua dago Nafarroako landa erromanikoak utzi dizkigun beste tenplu batzuei, esaterako, Etxano, Artaitz edo Gazolazko elizei. Horietan guztietan agerian dago herri estetika erromanikoa.
Elizak hiru tarte desberdineko oin laukizuzena du eta burualde erdi zirkularra, labe gangaz estalia. Estalkiari dagokionez, kanoi erdiko ganga bat dago parpain-arkuen artean. Azken arku horiek bermatuak daude inposta leuneko zutoinetan. Inposta tenpluaren azalera osoan luzatzen da.
Sakristia burualdeari lotua dago epistolaren aldetik eta oin karratua osatzen du kasik, kanoi zorrotzeko gangaz estalia. Atea buruduna da eta badu arku indargarri bat.
Gaur egun, barnean ia ez dago ostilamendurik,
Ama Birjina eta Haurraren tailua kenduta. Irudi hori Gindanotik dator eta absidean dago. Zehazki, XIII. mendeko estilo gotikoari jarraiki egina dago, baina oraindik agerian dago erromanikoaren zurruntasuna. Halaber, enbor eta ontzi leuneko bataiarri handia dago.
Agoitzen/a>