Fitero Nafarroako hego-mendebalaren muturrean dago, Alhama ibaiaren ibarraren erdian,
Tuteratik 23 kilometrora. Monasterioa Fiteron bertan dago. Hasieran, herria monasteriotik urrun bazegoen ere, XV. mendean herria birpopulatu zen, lurraldearen defentsa handitzeko. Horrela, etxe berriak abadiaren inguruan eraiki ziren. Beraz,
herrian berean dago eta zistertarren ordenak ez du era horretako monasterio askorik.
1931n monumentu nazional izendatua, 1140an sortu zen, baina obrak 1185an hasi ziren. Horietako eraikuntza batzuek ez dute gaur egun funtzio erlijiosorik: esaterako, ostatuan Udaletxea dago; ziegak moldatu eta han zaharren egoitza jarri zen; jangelan Kultur Etxea eta zinetokia daude eta, azkenik, liburutegia eta sukaldea museo bihurtu dira.
Bisitak aukera emanen dizu
Erdi Aroko eraikuntzak ikusteko (XII eta XIII), adibidez, abadia-eliza. Gurutze latinoa du, hiru nabe, girola-itxurako burualdea eta bost kapera. Hortaz,
ale paregabea da Espainiako ordena zistertarrean. Halaber, badira Erdi Aroko arrastoak liburutegiko hormetan, hau da, harresi zaharraren eta kapitulu-gelaren aztarnak, azken hori 1247an eraikia. Errenazimenduko klaustro oin karratuak harrituko zaitu, bai eta gain-klaustroak ere, XVI. mendeko estilo herrerianoari jarraiki eraikia.
Monasterioak baditu beste atal nabarmen batzuk: XVI. mendeko logela berria; XVI. mendeko abadia-jauregi manierista -XVII. mendean handitua-; eta liburutegia (1614).
Fiteron gorde diren
urregintza piezen artean, hauek nabarmenduko ditugu: San Raimundoren beso erlikia -monasterioaren sortzailea-; San Andresen ekisaindua (XVIII); XVII. mendeko kalizak; zilarrez eta maskorrez eginiko nabeta bat (XVI); zilarrezko filigranako kopoia (XVII); bolizko kutxatila bat (966. urtekoa); esmaltezko pixide bat, 1200ekoa; boli-txapazko eta zurezko hiru kutxatila XI., XII. eta XIII. mendeetakoak eta, azkenik, erretaula nagusia, Rolan Mois pintoreak XVI. mendean margotua.
Fiterotik abiatuta, ibilaldi ederrak eginen ditugu. Esaterako: 7,7 kilometro dituen
Cruz de Atalaya deritzona. Herriaren gainaldetik abiatzen da futbol-zelaiaren ondotik; bada beste bat, 8,2 kilometro dituen
Circuito de Roscas izenekoa. Zehazki, Fiterotik Cascante eta Valderde aldera doazen errepideen bidegurutzetik abiatzen da. Azken horrek Tudejeneko gaztelu arabiarraren aurriak zeharkatzen ditu, fraideen elurzuloa -monjeek elurra gordetzeko erabiltzen zuten harrizko putzu handia, olibadi erdian-, eta mairuen kobazuloa. Bécquer idazleak idatzitako elezaharraren arabera, gauero printzesa mairu baten arima agertzen da koban eta ur bila ari da berak maite duen kristauari eramateko.
Era berean, baduzu aukera
Fiteroko bainuetxea bisitatzeko eta ur termaletan murgiltzeko. Oso ur ona da erreumari, artrosiari eta asmari aurre egiteko; bestela, zoaz Hiru Erregeen mugarrira. Madrildik Irunera doan errepidean dago, Valderdetik 3 kilometrora. Nafarroako, Gaztelako eta Aragoiko erresumetako erregeak biltzen omen ziren eta bakoitzak ba omen zuen jateko edo eztabaidatzeko aukera bere lurraldetik atera gabe.