Eraikin hau bisitatzeak aukera emanen dizu
Iruñeko Erdi Aroak arkitektura zibilean utzi digun aztarna bakarra ikusteko. Badago beste bat, Erregeordeen Jauregia -Kapitaniako Jauregia ere deitua- , gaur egun
Nafarroako Artxibo Nagusiaren egoitza dena.
Comptos Ganbera hiriaren gune historikoaren bihotzean dago, ia San Frantzisko plazaren izkinetako batean, Ansoleaga esaten zaion kalean,
San Zernin edo San Saturnino elizatik hurbil. Comptos Ganberaren egoitza izan baino lehen, Pedro Berriokoaren jauregia izan zen. Gizon hura Otazuko jauna izan zen.
Mendez mende, zaharberritze lanak egin dira, baina funtsean eutsi dio indarrez eta soiltasunez jantzitako bere
eite nobleari. Hori guztia nabarmen ageri da harrizko horman, sarrerako arku zorrotzean, mainelaz hautsitako leiho txikietan edo bere profilaren dorre itxuran.
Ate gainean, badu goratuagoa dagoen gorputz bat dorre baten gisara, bai eta Espainiako errege-erreginen armarria ere, XVIII. mendean paratua. Sartu barnera eta kanoi zorrotzeko ganga duen pasabide txiki estalia ikusiko duzu. Pasabideak patio txiki batera eramanen zaitu eta, beharbada, San Zernin dorreko ezkilen oihartzuna entzunen duzu.
Comptos Ganbera eratu zuten, ogasun kontuak gobernatzeko.
Auzitegiak zergak bildu, errege-erreginen ondarea kontrolatu eta moneta jaulkitzen zuen. Eta horrela izan zen 1524tik 1836ra arte. Gero, 1840an, Nafarroako Monumentuen Batzordearen egoitza izatera pasa zen eta batzorde horri Vianako Printzea Erakundeak hartu zion lekukoa. 1980an, Comptos Ganbera berrezarri zuten Nafarroan, kontu publikoak kontrolatzeko erakunde autonomiko gisa. Azkenik, Ansoleaga kaleko bere egoitzara itzuli zen laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran.