Leyreko monasterioaren inguruneari darion edertasunari erreparatuta, aise ulertzen dugu zergatik izan den mendez mende errege-erreginen eta apezpikuen aterpea, Nafarroako ikurra eta ekitaldi ofizialak egiteko lekua. Mendiaren babesaren arrimuan, izen bereko mendi-hegalean eraikitako monasterioa da -leku apartatuan-, hurbileko tontorrak eta urruneko mendiak ikusteko behatoki ezin hobea, hurbil dagoen
Esako urtegiaren ur berde-urdinxkak edertutako naturaren erdian.
Behe Erdi Aroan du jatorria, baina musulmanek X. mendean erre zuten eta, errege Antso Gartziak huraxe berreraikitzeko agindua eman zuen 1020an. Hamaika istorioren lekuko dira bere horma sendoak, esaterako, musulmanen sinismenei men ez egiteagatik lepoa moztu zieten bi ahizpa kristauen istorio hura. Bi ahizpen arrastoak gordeta daude Nafarroako museoan ikusgai dagoen bolizko kutxatilan. Edo
San Birilaren elezaharra. Horren arabera, abadea urretxindor baten txorrotxio zoragarriak liluraturik gelditu zen 300 bat urtez monasteriotik hurbil. Toki horretantxe San Birilaren iturria dario.
Mendizabalen desamortizazioak Leyre ere harrapatu zuen. Ondorioz, ez zen inor bizi izan 1836tik 1954era. Urte horretan Silosko Santo Domingoko fraide beneditarrak joan ziren bizitzera, eta haiekin hitz egiteko parada izanen duzu monasterioa bisitatzerakoan.
Ibilbidean,
XI. mendeko kripta hunkigarria ikusiko duzu, hots, kontserbatu den guztiaren alderik zaharrena. Harriak metatuak daude barruti estu horretan; fusteak altuera apalekoak dira eta kapitelak, berriz, sendo-sendoak. Ikaragarria benetan. Azken batean,
erromaniko zaharrenak duen soiltasunaren agerpenik argiena da.
Arkitektura soil horren aldean, oso dekoratuak ageri dira abadia-elizako atariak, bereziki
Speciosa deitzen zaion ataria, hots, monasterioaren altxorrik preziatuenetakoa. XII. mendekoa da eta Donejakue bidearen elementuekin apaindua dago. Ea aurkitzen duzun zoritxarreko arima bat harrapatua duen deabrua edo azken judizioa iragartzen duen aingerua eta, ohartuko zara harrizko bibliaren aurrean zaudela.
Beste gauza batzuk ere oso interesgarriak dira, esaterako: hegoaldeko ataria (XII. mendekoa), abadia-elizako ataria (XI. mendea), kriptaren lurpeko pasabidea eta Sakramentuaren kapera (1501-1536). Kapera horretan Joan Berroetakoaren erretaula bat eta eskulturak daude.
Estilo erromanikoari jarraiki hasitako eliza barnean, oso handia da erdiko nabea (XI. mendekoa). Altxatu begirada eta pausatu ganga gotikoan, hau da,
Nafarroako ogibarik ederrenetakoan. Gotiko berantiarrean egindako burdinsarearen atzealdean
Nafarroako lehen Errege-Erreginen hilobia dago. Ondoan "Leyreko Kristo" ikusiko duzu, XVI. mendeko tailu handi-handia.
Leyren, Jainkoarenganako laudorioak eta hizketaldiak
kantu gregorianoa sortzen dute. Ez galdu aukera eta entzun fraideei laudamen-otoitzean, goizeko 7,30ean (igande eta jaiegunetan, 8:00etan); komentu-mezan, 9:00etan (igande eta jaiegunetan 12:00etan); bezperetan, 19:00etan eta, azkenik, arratseko otoitzean, 21:00etan.
Lekuaz lasaitasunez gozatu nahi baduzu, eraikinaren ondoan badago 33 logelako
ostatua. Gainera, monasterioak banako 10 logela ditu bere barnean. Gizonentzako logelak dira eta otorduak monjeekin beraiekin egiten dira monasterioko jangelan.
Beharbada entzuna izanen duzu Leyreko
patarra, hau da, zapore gozoa duen edari digestiboa, monjeek abadiaren inguruan biltzen dituzten 35 landarerekin egina. Oroigarri bitxi hori erosteko aukera izanen duzu monasterioaren dendan eta, beste gauza batzuk ere bai: almendra garrapiñatuak, trufak, gazta, patea eta eztia.
Behin barrutitik aterata, inguruetako naturan barneratzeko parada izanen duzu. Alde horretatik, badira monasteriotik bertatik abiatzen diren bi ibilbide. Lehenbizikoak 250 metro ditu eta
Ama Birjinen Iturrietaraino eramanen zaitu. Han bada askaldegi bat. Bigarrenak 30 bat minutuko iraupena du eta
San Birilaren iturriraino gidatuko zaitu. Bide luzeagoa egin nahi duten mendigoizaleek badute
Escalar kaskora igotzeko aukera (1.302 metro) eta handik badago ikuspegi ederra Esako urtegiaren eta
Pirinioen gainean.
Eta, parapentea maite dutenentzako, Arangoiti tontor ezin hobea da hegan abiatzeko. Halaber, hurbil dituzu
Xabierko gaztelua eta
Zangoza.