Elizondo
Baztango erdi-erdian dago eta, aldi berean, ibarreko gune nagusia da. Nafarroako iparraldean kokatua, hamabost herriz osaturiko udalerria da, Pirinio atlantikoaren mendi bazter zoragarri eta berdeetan barreiatuak. Baztan ibaiak zatitzen duen herri honek klima atlantiko leuna eta hezea du.
Horma zuriak, eta ate, leiho eta izkinetako silarri gorrixkak dira bere herri arkitekturaren ezaugarriak. Harri gorri hori hurbil dauden Almandozko harrobietatik dator. Gainerakoan, teilatuak bi isurialdekoak dira, zurezko balkoi luzeak dituzte azken solairuan eta ibarreko armarria agerian dago.
Elizondoko auzo zaharrean
jauretxe eta jauregi aunitz daude, Jaime Urrutia eta Braulio Iriarte karriken artean, hain zuzen. Etxe horietako gehienen jabeak Ameriketara lan egitera joan ziren eta itzuli zirenean eraiki zituzten, itsasoz bestaldean pilatutako aberastasunen erakusgarri.
Eraikinik nabarmenetako bat
Arizkunenea jauregi barrokoa da. Kondearen jauregia edo Gobernadoreena ere esaten zaio. Arizkungo Migelek eraikiarazi zuen 1730ean, hots, errege Felipe V.aren zerbitzari garrantzitsua izan zenak. U formako antolaera du eta estilo barrokoko fatxadak gogora ekartzen dizkigu garai hartako Frantziako jauregiak. Bi gorputz irten ditu, biak soilak, eta fatxada nabarmentzen da eraikinaren apaingarri guztiak biltzen dituelako. Frontoi baten bidez azkendua dago, eta armarri ikusgarri bat da buru. Armarriaren orla oso apaindua dago lehoiekin, haur eusleekin, orbelarekin, oparotasunaren adarrekin eta markes koroarekin. Fatxadaren aitzinean patio bat dago, 1740. urteko burdinsare batetik sartzen dena.
Lehen karlistaldian, jende ospetsuak hartu zuen ostatu jauregi honetan, esate baterako, Espainiako erregegai Karlos Borboikoak, eta Zumalakarregi eta Espoz y Mina jeneralek. Ibilbidean aurrera egin baino lehen, gomendatzen dizugu Arizkunenea etxearen atzealdera joateko. Erreka eta bere zubiak ederki ikusiko dituzu.
Jauregi honetatik hurbil udaletxea dago, XVIII. mendeko eraikuntza arkupeduna. Barnealdean, oraindik gordea dago Baztango bandera zaharra, Navas de Tolosako batailan (1212an) airean erabili omen zutena. Datue jauregia eta erregeordearen etxea ere herriko eraikin zibilik adierazgarrienetakoak dira.
Arkitektura erlijiosoari dagokionez,
Santiago eliza da eraikinik adierazgarriena. XX. mendeko lehen hamarkadetan eraikia, bere fatxada handia nabarmendu beharra dago eta alde banatan dauden estilo barrokoko bi dorreak era bai. Halaber, interesgarriak dira San Pedro eta Santa Engrazia baselizak.
Herri jaiak, gastronomia eta kirolaBaztandarrak jende animatuak dira eta, horrek eraginik, Elizondo toki ezin hobea da jaiak eta azienda feriak egiteko. Uztailaren bukaeran "
Baztandarren Biltzarra " ospatzen da eta jai horrek Baztango hamabost herriak biltzen ditu. Hamaika ekitaldi egiten dira egun osoan eta, horien artean, orga apainduen desfilea, bai eta ohiko mutildantzak ere, azken horiek Udaletxeko plazan. Hitzordu interesgarria ere izaten da Pazko asteko ostiralean egiten den
azoka, aziendaren, nekazaritzako elikagaien eta artisauen bilgunea, alegia.
Lurralde honetako gastronomia ere nabarmendu behar da. Platerik tipikoena "txuri ta beltza" da, hau da, bildoski tripekin egindako gisatua. Gozoki zalea bazara, Elizondoko gozo-dendetan
hur osoekin egindako txokolate goxo-goxoa erosteko aukera izanen duzu.