Pirinioetako lehen mendietatik Ebro Ibarraren sakonunera bidean, Aragoi ibaiaren ertzean eta altuera gutxiko terraza baten gainean, hantxe eraikia dago Zangoza. Zehazki, Nafarroako Erdialdean dago, Iruñetik 44 kilometrora.
Hasierako hiria haitz baten gainean egon zen -gaur egungo Rocaforte- eta muga izan zen musulmanen aurrerapenen aurrean. Baina Donejakue bideak eraginik, beheko lautadan Zangoza Berria sortu zen XII. mendean eta, handik gutxira, Somport aldetik zetorren
Donejakue bideko herri garrantzitsua izatera pasa zen.
Ekonomian eta gizartean zegoen oparotasunak bultzaturik, Erdi Aroan merkatari, erromes eta artista asko joan zen Zangozara eta, garai distiratsuaren erakusgarri, hortxe dago
historiaren eta artearen aldetik duen ondare aberatsa.
Zangozan sartzeko, Aragoi gainean dagoen metalezko zubia gurutzatu behar da. Ibaia gainditu ondoren, hiriko altxorrik preziatuena aurkituko duzu, aldi eta alde orotako erromanikoaren gailurretako bat:
Andre Mariaren eliza. Atariaren gai nagusia azken judizioa da, baina Itun Zaharreko eta Berriko pasarteak ere ageri dira, bai eta munstroak, elezaharrak eta Erdi Aroko gizartearen estamentuak ere. Tenplua 1889an deklaratu zuten monumentu nazionala, eta XII. mendetik XIV.era eraiki zen.
Alde historikoan zabiltzala,
monumentuz betetako hiria aurkituko duzu. Esate baterako, karrika Nagusian adibide ederrak topatuko dituzu: Añues jauregia (XV), Iñiguez-Abarka jauregia (XVIII), Udaletxea (1570) -arkupe ederra duena-, Paris Iñigez Abarkaren etxea eta Sebastianen etxea.
Karrika Nagusitik aurrera Alfontso Borrokalariaren kalea dago eta, hantxe,
Vallesantoro jauregia -egungo Kultur Etxea-, Nafarroako teilatu-hegalik ikusgarrienetakoa duena; San Salbatore eliza (XIV), Iñiguez-Medranotarren etxea eta bere sarrera barrokoa; eta Carmen komentua (XV) eta bere klaustroa (XIII).
Zure ibilian, beste harribitxirik ere aurkituko duzu arte kontuetan:
Santiago eliza (erromanikoa eta gotikoa),
San Frantzisko Asiskoaren komentua (XIII) edo
Vianako printzeak jauregia. Horrek gogora ekartzen digu Zangoza Nafarroako Errege-erreginen gortea izan zeneko garaia. Denboraz ongi bazabiltza, bisitatu San Adrian de Vadoluengoko eliza erromanikoa, herritik kilometro eta erdira, Sos del Rey Catolicora bidean.
Hiriak, gainera, paraje ederrak ditu paseoan ibiltzeko, esaterako, "Entrambasaguas" esaten zaiona, hots, Irati eta Aragoi ibaien elkargunea.
Zangoza ere
oparoa da tradizioetan. Herriko festak irailaren 11tik 17ra egiten dira eta, besteak beste, azienda feria eta zezen entzierroak egiten dira. Urtarrilaren 6an,
Erregeen Auto Sakramentalak magoen etorrera irudikatzen du, Jesus Haurra gurtzeko. Zangozar askok parte hartzen dute eta Espainian egiten diren era horretako bost antzezpenetako bat da Zangozakoa.
Uda oro, Zangozan
Cultur programaren kontzertuak eta ekitaldiak egiten dira.
Hirian ere bada zer jan, Nafarroako sukaldaritza tradizionalaren adibide ezin hobea baita:
potxa babarrunak eta gozogintzako gozoki batzuk: Santuen hezurrak eta San Joseren txirbilak.
Gainera, eskualde osoan naturari loturiko kirolak egin daitezke: parapentea, delta hegala, hipika eta piraguismoa.