Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Lau urtaroetako Erresuma

Udazkena

Udazkenean, paisaia berdez, okrez, urrezkoz eta gorrixkaz blai agertzen zaigu. Iratiko oihana tonalitate askotako baso xarmatua bilakatzen da. Arbaiungo arroilaren behatokiak panoramika ikusgarri-ikusgarria eskaintzen du. Nafarroako Pirinio osoak, oro har, hartzen du kolore sorta zabal hori, oreinen marruak lagun dituela urtaroaren hasieran.

Mahatsaren koloreak Erdialdeko eta Erriberako soroak tindatzen ditu. Mahatsak biltzeko garaia heldu da, eta, horrekin batera, udazkeneko lehen ospakizuna: San Migel (irailak 29). Corellan eta Cortesen, makil-dantzak dantzaren dira, aspalditik, santuaren omenez.

Artzainek Sanmigelada delakoa ospatzen dute: Pirinioetako ibarretatik errege ardibidetik etorritako artalde batzuk Bardeara sartzen dira, bertako larreak neguan erabiltzeko.

Urrian, Berak Lurraren Eguna ospatzen du, landa produktuak goratzeko xedez.

Urrian, kultura ere badago. Baluartek eta Gayarre antzokiak egitarau hautuak eskaintzen dituzte, baina besterik ere badago: Nafarroako Antzerki Eskola, kasu. Udazkeneko Bira antzerkia, musika eta dantza biltzen dituen egitaraua da, talde nafarren eskutik. Eta nabarmendu beharra dago Lizarrako Antzinako Musikaren Astea zein ?Julián Gayarre? Kantu Lehiaketa eta ?Pablo Sarasate? Biolin Lehiaketa, biak nazioarteko mailakoak.

Ehiza hilabeteak dira. Urriaren 16an, Usategien Eguna ospatzen da Etxalarren. Usoak sareen bidez harrapatzen dira, eta benetan ikusgarria da nola egiten duten. Azaroan zehar, Baztan-Bidasoa aldeko hogei bat jatetxek menu bereziak eskaintzen dituzte, ehizakia eta bertako produktuak konbinatzen dituztenak.
Alkatxofen eta borrajaren aldia da, biak oso tipikoak direnak Erriberako baratzeetan, baita pikillo piperrena ere. Piperrak erre eta ontziratu, horixe agintzen du tradizioak. Plater anitzerako osagarri zoragarria dira.

Udazkenak honetarako gonbita luzatzen du: patxadan eta astiro paseatu, baso eta larreetan barreiatutako perretxikoak bildu eta naturak eskaintzen dituen fruitu onenak hautatu, patxarana, esate baterako, bazkalondoan edaten den likore tipiko nafarra, alegia.